XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Legeak agintzen duena bete dadin

Mila ERBITI / Zizurkilgo Senideak taldeko ordezkaria

Senideak Elkarteak iazko azaroan aurkeztu zuen Udaletxean euskal preso politikoek Euskal Herrira ekartzea, gaisotasun larriak dituztenak eta ezarritako kondenaren 3/4 bete dituzten presoen askatasuna eskakizunekiko mozioa.

Aldi berean eskatzen zen Udalak egin zitzan behar zirenak eskakizunak bete arte.

Mozio hau herriko zenbait alderdi eta talderen atxikimenduekin aurkeztu zen.

Udal Batzarra azaroaren 17an burutu zen eta onartua geratu zen HB, PNV eta EAren aldeko botoekin.

PSOEk bi puntuei baiezkoa eman zien gainerako guztietan abstenituaz.

PNV eta EAk idazki alternatibo bat aurkeztu zuten, baina bozkatzera iritsi gabe erretiratu egin zuten.

Pleno hau nahiko istilutsua suertatu zen.

Gero eta gehiago ikusirik baimendutako mozioaren inguruan ez zela ezer egiten, otsailaren 12an egin zen Plenora joan ginen hartutako erabakien jarraipena zertan zen galdetzera.

Pleno horretan ez zen deus handirik erabaki eta Senideak Elkarteak Udaletxearen aldetik ez zela inolako aurrerapausorik eman ikusirik, Pleno berri bat eskatu genuen.

Pleno berezi hori maiatzaren 13an egin zen eta bertan onartu zen presoen egoeraren jarraipen batzorde bat osatzea.

Jarraipen Batzorde horren izaera irekia behar zuela erabaki zen eta udaleko alderdi bakoitzeko ordezkariak parte hartzeaz gain herriko taldeei bidali zitzaien konbidapena bertan parte hartzeko.

Gaurregun batzar hori honela dago osatua: HB eta PNVko ordezkariak, AABB, Senideak, Sortzaile Kultur Elkartea, Danena Alterofilia, Danena Futbol, Elkarri, Kultur Etxeko arduraduna; Kostata Gazte Asanblada, Apaiza eta Urkamendi Elkartea.

Batzordeak aurrera eraman dituen ekimenak honako hauek izan dira:

- Herrian buzoneo orokorra egin zen, mozioaren kopiaren eranskinarekin eta parte hartzen genuen taldeen sinadurekin.

- Aiurri aldizkarian eta EGIN egunkarian bere sorreraren berri agertu zen.

Beste komunikabide batzuei horren berri eman zitzaien eta ez zuten ezer argitara; Diario Vasco egunkariak adibidez.

- Herriko presoek dauden espetxeetara bixitak egitea eskatu zen idatziz eta presoekin egoteaz gain erabaki zen espetxe zuzendariarekin eta espetxe epaile zaintzalearekin egotea.

Espetxeetarako bixitak oraindik ez dira burutu.

Instituciones Penitenciariasetik eskaerari erantzunik ematen ez ziotenez, telefonoz deitu zitzaien eta 3/4 bider deitu ondoren esan zuten ez zutela ezer erantzun beharrik eta ez zegoela baimenik.

Horren aurrean Batzordean erabaki zen berriro ere eskatzea eta insistitzea.

- Mahainguru bat antolatu zen preso eta espetxeetako egoerari buruz.

- Honez gain beste zenbait ekitaldi ere eraman dira aurrera: pelota partiduak, dantzariak, futbito partiduak, pultsularien dema saioa,herri afaria...

- Kamisetak ere egin ziren Euskal Presoak Euskal Herrira ipiniaz.

- Sinadura bilketa bat irekita dago, horretarako festetan mahaiak ipinita eduki ditugularik, orain tabernetan orriak jarriaz eta eskuz esku osatzeko asmoa dugu.

Momentuz eta ondoko beste herrietan ere Batzordeak sortuak badirenez (Billabona eta Asteasun) herri bakoitzeko dinamikaz gain koordinaketa bat aurrera eramatea erabaki zen bertara mozioa onartuta duten beste herri batzuei ere konbidapena luzatuaz (Aduna, Larraul eta Alkiza).

Batzorde honetan ez dago PSOEko ordezkaririk, ezta EAkorik ere.

PSOEk eman zuen erantzuna ez zuela deus jakin nahi historia honetaz izan zen, eta EAk ere antzekoa.

Senideok PSOEren erantzunak ez gaitu harritu, EArenak bai.

Alderdi honek adierazi duenez, eta diskurtsoan dispertsioaren aurka agertzen bada eta giza eskubideak betetzearen alde, ezin da inondik inora ulertu eta ez onartu zerbait aportatzeko garaian kanpoan geratzea.

Beraz geure gaitzespen osoa dauka eta beraien kontraesanak nabarmentzen direla iruditzen zaigu, agian interes ezkutu eta alderdikeria batzuen alde.

Presoek duten egoera ezin jasana eta larria da, dagokien eskubideak eta legeak agintzen duena bete dadin exijituz etengabeko borrokaldian murgilduta daude eta honen aurrean duten ardura eta erantzukizuna alderdiek ezin dute inolaz ere saihestu.